Euskara

Euskara


Ipar Euskal Herriko EPFL-aren aurkezpena

Tokiko Lur Funtsen Erakunde Publikoa (EPFL) EPIK bat da (Erakunde Publiko Industrial eta Komertziala).

2005ean sortu zen, prefetaren ordenantza batekin, eta frantses Hirigintza Kodeko L. 324-1 eta L. 324-2 artikuluen arabera. 2006ko ekainean hasi zuen bere jarduera.

Egitura autonomo honen zeregina honela laburtu daiteke: bere kideek beren lurraldea antolatzeko dituzten lur funtsei loturiko problematika orori laguntza juridiko, tekniko eta finantzakoa eskaini.

EPFL-ak 2012tik Ipar Euskal Herriko lurralde osoan jarduten du. Bertako kolektibitateentzat eta garatzen dituzten politika publikoentzako tresna bat da.

Ipar Euskal Herriak pairatzen dituen lur funtsei loturiko bilakaerak aurreikusi nahian, EPFL-ak lur funtsen estrategiak zehaztu eta gauzatu nahi dituzten kolektibitate guztiak laguntzen ditu. Ipar Euskal Herriko EPFL-a ez da zerbitzu enpresa bat, ezta banku bat ere. Hona hemen zeintzuk diren bere zereginak: ekintzarako aholkularitza, lur funtsen negoziazioa, eta tokiko kolektibitateen konturako ondasun eraiki eta ez eraikien erostea eta kudeatzea.


EPFL bat Ipar Euskal Herrian: zergatik eta zertarako?

Ipar Euskal Herriko EPFL-a 2005eko abenduan sortu zen lurraldeko lur funtsen egoera selektiboari aurre egiteko, egoera horrek Ipar Euskal Herriko oreka sozial, ekonomiko eta kulturalak kolokan ezar zitzakeelako.

Izan ere, eremu naturalak eta laborantzakoak nola nahi eta gero eta gehiago kontsumitzen diren egoera batean, etxebizitza eskuragarriak eraikitzeko programak egiteko lurrak falta direnean, eta eragile pribatu batzuen lur gose ase ezina ikusirik, EPFL-ari lur funtsen eta etxebizitzaren merkatua erregulatzeko misioa eman zitzaion, tokiko kolektibitate guztiek beren lurralde proiektua garatzeko aukera ukan zezaten.

Horretarako, EPFL-ak lur funtsen alorrean dituen eskuhartzeak Urte anitzeko Eskuhartze Programa (UEP) batean kokatzen dira. Dokumentu estrategiko honek bost urterako lehentasunezko gaiak, segitu beharreko norabideak eta ezarri beharko diren baliabideak zehazten ditu.

Hortaz, UEP-ak eta EPFL-aren eskuhartze araudiak finkatzen dituzten printzipioak funtsezkoak dira lurraldearen gizarte eta eremu orekak zaintzeko.

Beraz, Ipar Euskal Herriko kolektibitateei dagokie EPFL-ari dei egitea interes orokorra lehenesten duten eta garapen proiektuari egiazko balio erantsi bat ekar diezaioketen eskuhartzeentzat.

Alabaina, diru baliabideak urritzen ari direlarik eta Ipar Euskal Herriaren egoera gero eta hauskorragoa delarik, hautetsiek, EPFL-aren bidez politika xuhurra, arrazionala eta iraunkorra proposatu behar dute.

Lur funtsen aldeko ekintzaren denborak barneratzen

Lur funtsen aldeko ekintza epe laburrean zein epe ertain eta luzean ikusi behar da. Epe laburrean kolektibitateen proiektuak gauzatzen laguntzeko, eta epe ertain zein luzean lur funtsen merkatuak sanotu, zuzendu eta orekatzeko.

Ondorioz, Ipar Euskal Herriko EPFL-ak eramanen duen lur funtsen aldeko ekintzak epe hauek kontutan izan beharko ditu, bereziki epe luzerako lur funtsen erreserbak osatuz, hauxe izanik politika publikoen iraunkortasuna bermatzeko modu bakarra.

Lurraldean dauden egoera desberdinak

Nahiz eta lur funtsen gaineko presioa bereziki kostaldean barnealdean baino gehiago ikusten den, kolektibitate guztiek badituzte EPFL-ak landu behar dituen zailtasunak.

Jende ororen etxebizitzarako sarbideak, laborantza lurren gerizak, ekonomia eta zerbitzu eskaintza baten garapenak eta populazioaren zahartzeak dakartzaten jokagaiak lurralde osoan ditugu. EPFL-ak egoera bakoitzari egokitutako aterabideak eskaini behar dizkio.


Sakontzeko

Esparru juridikoa

EPF-ak 1991ko Hiriari buruzko Norabide Lege frantsesak (LOV) sortu zituen, baina 2000 urtetik goiti soilik hasi dira agertzen tokiko EPF-ak, Elkartasuna eta Hiriaren Eraberritzeari buruzko Lege frantsesari (SRU) esker. Frantses Hirigintza Kodeko L-324-1 artikuluak eta ondorengoek osatzen dute Tokiko EPF-en esparru juridikoa.

Frantses Hirigintza Kodeko L-324-1 artikuluak eta ondorengoak

EPFL-ak Erakunde Publiko Industrial eta Komertzialak (EPIK) dira. Beren xede nagusia lur funtsez jabetzea eta tokiko kolektibitateen konturako ondasun eraiki eta ez eraikien erostea eta kudeatzea da.

EPFL-ek kolektibitateak laguntzen dituzte beren lur funtsen estrategia osatzen, garatzen ari diren proiektuak kontutan izanik.

EPFL-ek adostasunez, ordezkaritzaz edo desjabetzez eskura ditzake lurrak.

EPFL-ak ez dira lur antolatzaileak, baina antolamendu aurreko ekintzak (botatzeak, garbitzeak,…) egin ditzakete antolamendu egitasmoak burutu ahal izateko.

Bertako urraspide eta gobernantza

Tokiko EPF-ak soilik bertako kolektibitate inplikatuek sor ditzakete. EPFL-ak bere jardun eremua zabaldu nahi badu, kolektibitate berriak bere nahia adierazi behar du eta jadanik kide direnek beren adostasuna eman behar dute.

EPFL-ek soilik kide diren kolektibitateek eskaturik esku har dezakete.

Ondasunak eskuratu eta jabe izaten segitzen dute kolektibitate batek bere egin arte. Jabe izateari uzten diote kolektibitate batek edo berak izendaturiko erosle batek erosi arte.

Kasu berezi batzuetan EPFL-ek beren eremutik at jardun dezakete, baldin eta erosketa hori beharrezkoa bada bere eremuan egin nahi duen ekintza bat burutzeko, eta kasu guztietan lurra dagoen herriaren baimenarekin.

Edozein kasutan, EPFL-ek ezin dute lurrik erosi herriaren baimenik gabe. 

Diru esparrua

Hasteko ukan dituen diru laguntzez gain (Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Kontseiluak 3 milioi Euro 2006an eta Akitaniako Eskualde Kontseiluak 3 milioi Euro 2007 eta 2012an) Ipar Euskal Herriko EPFL-ak bere diru iturri propioak ditu:

Ekipamendurako zerga berezia 

Zerga hau tokiko beste 4 zergei gehitzen zaie: etxebizitza zerga, funts eraikien zerga, funts ez eraikien zerga, lurraldeko ekarpen ekonomikoa (ad: zerga profesionala). Biltzar Nagusiak urtero bozkatzen du Administrazio Kontseiluak proposatzen duen kopurua.

Mailegua

Hau da EPFL-ak gehien erabiltzen duen diru iturria hazkunde prozesuan denean. Maileguen proportzioa mekanikoki txikituz joango da urtero salduko diren ondasunen etekinekin. Sarrera hauek erakundearen berezko fondoak emendatzen dituzte.

Funtsa erosi eta kudeatzearen ordainketa

Urtero, tokiko kolektibitateek Ipar Euskal Herriko EPFL-ari berak haientzat erosi eta kudeatu dituen funtsei loturiko ondorioak beren gain hartu behar dituzte:

a/. EPFL-ari metatu den kapitala itzuli behar diote: gehienetan urteko kuota finkoz, funtsa erosi eta ondoko urtetik hasiz, Ipar Euskal Herriko EPFL-ak hitzarmen bidez finkatu duen iraupen batez;

b/. Ipar Euskal Herriko EPFL-ari bere Administrazio Kontseiluak finkatu dituen funtsen erosi eta kudeatzeko finantza gastuen ordainketa, eta ordaintzeko falta den kapitalari aplikatzen zaiona(2014tik, ordaintzeko falta den kapitalaren %1 ZK).

Ekintza esparrua

Urte anitzeko Eskuhartze Programa

2000 urteko Elkartasun eta Hiri Eraberritze Lege frantsesak Tokiko Lur Funtsen Erakunde Publikoak Urte anitzeko Eskuhartze Programa bat egitera behartzen ditu, zeinean norabideak, helburuak eta metodoak, baita hauen gauzatzeko beharko diren diru baliabideak zehazten diren.

UEP-a EPFL-aren hari gorria da. Lurraldearen proiektua osatzen duten eskuhartze tematiketan lehentasuna ezarri eta helburuak finkatzen ditu. Ipar Euskal Herrian ematen diren bilakaerei egokiturik, 2014-2018 UEP-a idazterakoan, lurraldeko 158 herriek bat eginen zutenaren mentura kontutan hartu zen. Izan diren elkarrizketek lur funtsak eskuratzeko beharrak argiago utzi zituzten eta lur funtsen estrategia eta tresnak ezartzen laguntzeko behar bereziak identifikatu ziren.

2014-2018ko Urte anitzeko Eskuhartze Programatik osatu den Lur Funtsentzako Ekintza Programak Ipar Euskal Herriko EPFL-aren lan molde eta nahikeria berriak erakusten ditu: anitza eta kontrastatua den lurralde osoaren alde jardutea, eraginkortasun handiagoarekin.

Halere, 2017ko urtarrilaren 1ean Euskal Hirigune Elkargoa sortu denetik, hots lehengo 10 HeLEP-ek bat eginez, EPFL-aren ingurune instituzionala nabarmen aldatu da eta ezinbestean, bere eskuhartze esparrua egokitu behar die lurralde proiektuari eta bere exigentzia berriei.

2019-2023ko UEP-a osatzeko lehen lanak 2017 hastapenena abiatu genituen. Badirudi EPFL-ak bere jarduteko moduak aldatu beharko dituela, bereziki kolektibitateekin ekintza hitzarmenak izenpetuz. Hitzarmen horiek proiektu bakoitzeko ekintza, finantza eta legezko harremanak zehaztuko lituzke.

Dokumentua ikusi

Eskuhartze Araudia

Urte anitzeko Eskuhartze Programari lotua den Eskuhartze Araudiak Ipar Euskal Herriko EPFL-aren eskuhartze modalitateak finkatzen ditu.

Hona zer zehazten duen araudi horrek: tokiko kolektibitateek zein baldintzetan dei egin diezaioketen EPFL-ari, zein baldintzetan onesten diren ondasunen eskuratzeak, funtsen erosi eta kudeatzeko iraupen eta finantza arauak, baita erositako funtsak eskuz aldatzeko prozesuak ere.

Ipar Euskal Herriko EPFL-a bezala, Eskuhartze Araudia lurraldearen bilakaerei etengabe egokitu daitekeen dokumentua da.

Dokumentua ikusi

Barne Araudia

Barne Araudiak Ipar Euskal Herriko EPFL-aren eta bere organoen (Biltzar Nagusia, Administrazio Kontseilua eta Bulegoa) funtzionamendua zehazten ditu.

Dokumentua ikusi